EL PERIÓDICO DE TODOS LOS NAVARROS

 

Osteguna, 2012ko martxoaren 1ean.

 

ARRANO ELKARTEKO NEGUKO I. XAKE TORNEOA ARITZ MANCHARENTZAT.

 

Arrano Elkarteko Neguko I. Xake Torneoa iragan larunbatean amaitu da. 12 jokalari aritu dira 7 txandatan, gehienez lau ordu iraun duten partidetan. 2012ko urtarrilaren 14an hasi zen eta otsailaren 25ean bukatu. Torneoak FIDE elorako eta Euskal elorako baliagarri izan da. Arrano Elkartearen lokala gehienetan erabili izan bada ere, Gazte Berriak-en lokala eta Nuevo Casino ere erabili izan dira, beharrak direla bide.

 

Txapelduna Aritz Mancha Otano izan da. 23 urteko jokalari honek Mikel Gurea taldean jokatzen du eta bigarren zerrendaburua zen. Torneoa irabazteko Angel Aldaya, Iñaki Arrizibita, Xabier Abaurrea, Joseba Otano eta Harkaitz Goiena gainditu ditu eta Iñaki Esparzarekin eta Valentin De Estebanekin berdindu. Horrek FIDE eloan 3’5 puntu hobetzea ekarri dio, trofeoa eskuratzeaz gain.

 

Iñaki Esparza izan da bigarren sailkatua. Aritz Mancharen aurkako berdinketak eta gaixorik egoteagatik egun batean huts egin izanak garaipena zapuztu diote. Dena den, 7’8 puntu igo ditu bere eloa. Lehenengo zerrendaburua izanik, faborito nagusia zen Gazte Berriak taldeko jokalari hau,.

 

Valentin De Esteban hirugarren sailkatu da. Elo gehien igo duen jokalaria izan da: 7’9. Xabier Abaurrea eta Iñaki Esparza jokalarien aurkako porrotek atzerarazi dute sailkapenean, liderraren aurkako berdinketa baliotsua lortuta ere. Nuevo Casinon jokatzen du. Joseba Otanok 4 garaipen eta hiru porrotekin torneo eskasa egin du eta 13’9 puntu galdu ditu eloan, laugarren sailkatu arren.

 

FIDE elorik gabeko lehenengo jokalaria Xabier Abaurrea San Juan Arrano Elkarteko jokalaria izan da, seigarren postuan sailkatua. Trofeoa irabazi du. FIDE elorako blokea egin duen jokalari bakarra izan da.

 

Xakeko Taldekako Euskal Liga eta Nafarroako Banakako Xake Txapelketa aldi berean programatzeagatik, protesta moduan antolatua izan da torneo hau. Jarrera adierazle modura bere helburua bete du eta, bide batez, Aritz Manchak bere palmaresa loditu du eta berak, Iñaki Esparzak eta Valentin De Estebanek beren FIDE eloa hobetu dute, Joseba Otano eta Iñaki Arrizibita jokalarien bizkar.